Historia

Txantreako Konpartsaren berezitasunik handiena da erraldoiak eta kilikiak konpartsako kideek beraiek egin zituztela.

1983ko abenduan Armonia Txantreana Peñako Txikien Batzordeari bururatu zitzaion erraldoien konpartsa bat sortzea. Hasierako asmoak apalak baziren ere, ideia zehaztu ahala konturatu ginen proiektu sendoagoa egiteko aukera bagenuela.

Garai horietan erraldoi gehienek, denek ez esatearren, erregeak irudikatzen zituzten. Gure lehenbiziko bileretatik oso garbi izan genuen beste bide bat jorratu nahi genuela irudiak aukeratzeko tenorean. Azkenik, euskal mitologia aukeratu genuen. Hortik aurrera beste konpartsa askok jarraitu izan dute guk hasitako bide hori. Aukeratu genituen pertsonaiak hauexek izan ziren: Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari.

Kilikien kontua ezberdina izan zen. Gure nahia zen kilikiek harreman estuagoa izatea auzoarekin eta haurren munduarekin, eta Japi, Piripi, Cotilla eta Profe aukeratu genituen. Urte batzuen buruan, bi Aker ere sortu genituen.

Arestian esan bezala, erraldoiak guk geuk egin genituen, Iruñeko erraldoiak erreferentzia gisa hartuta. Zurezko lana San Pedroko lanbide tailerrak egin zuen, Xabi Ganuza arduratu zen modelatze lanez (buruak eta eskuak), konpartsako kide batzuk lagunduta, eta jantziak Txantreako jostun Tere Aroz andrearen tailerrean egin ziren.

Lehenbiziko ateraldian erraldoiek 62 eta 70 kilo bitarteko pisua zeukaten. Zenbait aldaketa egin ondoren, zertxobait arintzea lortu dugu, baina betiere haien esentzia aldatu gabe.

Hasierako aurrekontua 405.000 pezetetakoa zen. Aurrekontu hau garestitu zen eta, azkenean, 800.000 pezeta baino gehiago balio izan zuten.

Gorabehera askoren ondoren, 1984ko apirilaren 29an, eguerdiko hamabietan, gure konpartsa agertu zen lehenbizikoz auzoaren aurrean, Félix enparantzan (Armonia Txantreana Peñaren egoitzan). Aurkezpen ekitaldira etorri ziren Iruñeko Udaleko Kultura Saileko buru Carrillo jauna, auzoko zinegotzi M.ª Asun Apesteguía andrea, Virgen del Camino ikastetxeko zuzendaria, Iruñeko erraldoien konpartsako arduradun Apeztegia jauna eta Iruñeko gaiteroak.

Urte gutxiren buruan konpartsen kopurua biderkatu zen eta jada existitzen baina ateratzen ez ziren konpartsa batzuk ere hasi ziren ateraldiak egiten. Dantzen bilakaera ikaragarria izan da ere. 80ko hamarkadan dantzak oso sinpleak ziren, eta gaur egun zoragarria da erraldoiekin dantzatzen diren koreografiak eta erritmoak ikustea.

Lehenbiziko urteetan ateraldi asko egin genituen, garai horietan konpartsa gutxi baitzeuden. Zangozako konpartsa eta gurea ziren maiztasunarekin ateratzen ziren bakarrak.

1984tik hona urte asko igaro dira. Urte hauetan Euskal Herrian barrena ibili gara eta egon gara, baita ere, Katalunian, Aragoin, Burgosen, Logroñon, Asturiasen, etab… Guztira, ehun herri baino gehiago bisitatu ditugu, seiehun ateraldi baino gehiagotan. 150 pertsona inguru izan dira gure konpartsako kide.

Hasieran oso erritmo motelarekin dantzatzen genuen eta koreografia bakarra genuen. Orain zenbait jaialdi ere egin dugu eta gure gorengo maila Iruñeko zezen plazan eman genuen “Jai Herrikoiak” izeneko ikuskizuna eskaini genuen egunean. Ikuskizun hau Muthiko Alaiak peñako dantzari eta fanfarrearekin lankidetzan egin genuen. Harreman hori mantendu dugu gaur egun arte Jai Herrikoiak ikuskizuna eskenatoki ezberdinetara eramanez eta auzoko jaietako erraldoien agurran parte hartuz.

Gure dantza errepertorioa anitza da: balsak, jotak, polkak… Larrain Dantza ere dantzatzen dugu, oso-osorik, zeren konpartsako pertsonaia guztiak hartzen baitute parte.

“Jai Herrikoiak” izeneko ikuskizuna pertsona askoren lanaren ondoriozko gorengo unea izan zen. Urteak pasa urteak etorri jende askok lagundu du gure konpartsaren kalitatea hobetzen: gaiteroak, txistulariak, erraldoi-eramaileak, familiak, haurrak…

Gure erraldoi txikiei kapitulu bereizi bat eskaini nahi izan diegu. Konpartsa txikia 1992. urtean sortu zen eta konpartsa handiaren kide batzuk egin zuten, Axular ikastolarekin lankidetzan. Jantziak Axular ikastolako zenbait amak egin zituzten.

Konpartsa handiarekin ireki genuen bidea jarraituta, konpartsa txikiaren pertsonaiak Navarro Villosladak idatzitako “Amaia y los Vascos en el siglo VIII” liburutik atera genituen: Garzia Ximenez, Amaia, Teodosio de Goñi eta Amagoia.

Erraldoi txikiek berezko koreografiak dituzte eta, batzuetan, Larrain Dantzan kasu, konpartsa handiarekin batera dantzatzen dute.