Berriak

2017-04-26

KONPARTSAK AUZOKIDEAK AGURTU DITU JAIAK ZORIONTZE ALDERA


Auzoko Jaiak iritsi dira eta urtero bezala Konpartsak auzokide guztiei agurra egin die. Hemen aurtengoa:

Auzo agurgarria,

Heltzear diren aurtengo jaiak oso bereziak izanen dira guretzat.

Zuen familietara neba-arreba berri bat heltzen denean nola, horrela sentitzen gara gu ere, zeren aurtengo jaietan bi kide gehiago izanen baititugu gure konpartsan, bi erraldoi txiki berri: Amaia de Butron eta Eudon.

Baina dagoeneko denak jakinaren gainean egonen zarete, Cotilla bezalako emakume kuxkuxero batekin ezinezkoa baita berri bat isilpean gordetzea. Berritsu horrek esan digu peñan zegoela eta ezin berri hori lagunei kontatu gabe egon, Auzotegira joan zela eta konturatu orduko esana zuela, kirola egitearren igeri egiten ari zela eta ondokoari ere erran ziola –egia da emakume hau ezin daitekeela isilik egon ezta urpean ere–. Eta hau guztia gutxi balitz ere, nork igaro behar zuen, halabeharrez noski, Bernart Etxepare ikastolaren parean ume guztiak irteten ari zirenean? Bai, asmatu duzue: gure kiliki panpoxoa. Eta asmatuko duzue zer egin zuen, ezta? Beraz, ez da arima bakar bat ere Txantrean geratuko gure bi kide berri horien etorreraren berri ez duena.

Dena den, zer nolako poza! Irrikitan gaude denok. Profe da urdurien dagoena. Gizon oso serio baten itxura dauka, bihozgabea, baina arras minbera da gizajoa, erraz hunkitzen den horietakoa.

Orain bakarrik Txantrean behin betiko etxe bat lortzea falta zaigu, orain arte bezala ez ibiltzeko: auzotik kanpo, alokairuan eta baldintza txarretan. Horrexegatik etxegabetzeen kontrako Txantreako taldea eta auzoko gazteen emantzipazio bulegoa babestu ditugu beti, etxebizitza eskubidea defendatzen dutelako, gure irudikoz auzotar guztiok etxebizitza duin bat izateko eskubidea baitugu eta inork ez bailuke etxerik gabe gelditu beharko.

Espero dezagun hurrengo urteko jaietarako guk ere Txantrean etxe duin bat izatea. Bitartean zuekin elkartu eta aurtengo jaiez gozatzeko prest gaituzue dagoeneko.

Txantreako Erraldoien Konpartsa