AUZOTAR BERRIAK
Azken egunak antsietate handikoak izan ziren. Guk gure ahalegin guztien emaitza kalean ikusi nahi genuen; beste batzuek irrikan zeuden peñako kideek auzoarentzat egindako lanaren fruitua ikusteko.
1984ko apirilaren 29a. Goizeko hamarretatik aitzina ikusgai daude Euskal Herriko mendi eta leize-zulo urrun eta ezkutuenetatik etorritako lau irudi mitologiko, inoiz ikusi gabeak, eta, dirudienez, betirako geratzeko asmoa daukate. Gainera, ez daude bakarrik. Bidean auzoko pertsonai xelebreenekin egin dute topo, zeinek erabaki baitute haiekin gelditzea betirako.
Auzotarrak heltzen direnean txundituta gelditzen dira. Irudi horiek ez ziren ezagunak, mitologia ez baitzen ikasten eta, gainera, aurpegi eta piura horiekin beldurra pixka bat ere sortzen zuten.
Baina Txantreako biztanleak, txikiak bereziki, berehalaxe konturatu ziren baketsuak zirela eta gelditzeko asmoa zutela. Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari, auzoko lau bizilagun xelebre horiekin lagunduta –Piripi, Cotilla, Japi eta Profe– auzoko kaleetan barna dantzatzen hasi ziren, eta Txantreako bizilagunek Txantreako Konpartsa izenarekin bataiatu zituzten.
Goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu batera bitartean zortzi irudiak denen ikusgai egon ziren, haien izena eta izaera azaltzen zuen afixa batekin.
Eguerdian otamen bat prestatu zen konpartsako kideentzat eta egun seinalatu horretan etorritako gonbidatu guztientzat. Iruñeko Udala ordezkatuz Kultura Saileko zuzendari Carrillo jauna eta auzoko zinegotzi Asun Apezteguía andrea etorri ziren, Virgen del Camino institutuko zuzendari ere han zegoen eta ez zuten aukera hori galdu ere egin Iruñeko Konpartsako arduradun Apezteguía jaunak eta Iruñeko Gaiteroek.
Giro ederra zegoen plazan 13:00etan konpartsaren aurkezpena ikuste aldera. Sortu berriko konpartsaren arduradun Blas Subiza jaunak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei eta, bereziki, kolaboratzaile guztiei, zeinen laguntzari esker posible izan baitzen konpartsa errealitate bihurtzea.
Konpartsaren hitzaldia bukatuta, Aurresku bat eta Agintariena dantza dantzatu ziren. Migueltxo Goñi, Marisa Eraso, Miguel Gaston eta Asun Nagore konpartsako kideak dantzari gisa aritu ziren, beste batzuen artean.
Konpartsaren lehenbiziko dantza Iruñeko Konpartsako kideek egin zuten, Txantreakoek ez baitzuten entseguak egiteko astirik izan.
Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mariren lehenbiziko dantzariak Andrés, Blas, Mitxel eta Pellicer izan ziren.
Iruñeko Konpartsako kideek egin zuten baita bigarren dantza ere, baina kasu honetan Migeltxo Goñik ere dantzatu zuen.
Dantzak bukatuta, kalejira txiki bat egin zuen konpartsak auzoko kaleetan barna, eta ondoren Virgen del Camino institutuan gorde ziren irudiak.
Kalejiraren ondoren, erraldoiak gorde aitzin, konpartsako kideek dantzatu nahi izan zituzten ere. Bukatzeko oroitzapenezko argazkia atera zen, eta nork argazkia atera Luis Ardanazek (Luisito) baino hobe, konpartsako kide eta argazkilari profesionala.
Armonia Txantreana Peñan herri bazkaria egin zen, Iruñeko Udaleko Gaiteroek giroturik.
Geuk egindako lanarekin harrituta baginen ere, are gehiago harritu gintuen Txantreako auzoak bere konpartsari eskaini zion harrera. Hain ongi hasi zen ibilbide hori, hogeita hamahiru urte pasa ondoren primeran doa.
Eskurik gabe eta eskularru ziztrinekin kalera atera ziren irudi horiek kilometro aunitz egin dituzte.
Eta bukatzeko, azpimarratu nahi dut konpartsa atera zenean kide asko zituela, gehien-gehienak Armonia Txantreana Peñako kideak, eta bereziki nabarmentzekoa emakumearen presentzia konpartsan: lehenbiziko urtean lau emakume zeuden.
Funtzionamedurako arauak adostu genituen eta baita kide bakoitzaren eginbeharra ere. Hona:
Tartalo: Juan Pedro, Txetxo, Marcos eta San Juan (Pariente).
Sorgiñe: Gaston, Agustin, Ander eta Catena.
Basajaun: Luisito, Altable, Patxi Leuza eta Recarte.
Mari: Migueltxo, Patxi Etxauri, Alberto Larrainzar eta Patxi Jimeno (Tatxuelas).
Cotilla: Josetxo, Manolo eta Mari Cortes.
Japi: Ziku eta Txorrete.
Profe: Mintxo eta Tximis.
Piripi: Txobal, Kepa, Maria eta Maika.
Edariak eta kilikiak zaintzea: Galarreta eta Pariente.
Idazkaria: Marisa Eraso.
Mantenimendua: Xabi Ganuza eta Mintxo.
Arduraduna: Blas Subiza.
Eta horrela ixten dugu gure Txantreako irudien ibilbidearen hastapenari buruzko kapitulua.
Blas Subiza (Konpartsako lehendakari eta sortzaileetako bat)