EN AUZOLAN, ASÍ SE CREO LA COMPARSA DE LA TXANTREA

KONPARTSA AUZOLANEAN BURUTU ZEN

30|09|2016 ·

Gabonak bukatu bezain laister, 1984ko urtarrilaren 9an, Txantreako Konpartsa egiteari ekin genion.

Eskultorea Xabi Ganuza izan zen eta oso dedikazio handiarekin lan egin zuen. Buztin-, eskaiola- eta poliester-lanak bere bajeran egin ziren (Santa Nunila kalean). Hasieran moldatze-lan guztiak berak egin behar zituen, beste inork ez baitzekin buztinaz lan egiten.

Baina laguntzaile bat bilatu zuen berehalaxe. Saltsa guztiean sartzen zen tipo bat zen laguntzailea, proiektu honetako parte izaten bukatu zena eta kilikiak modelatzen ezinbesteko lana egin zuena. Pertsona hori Patxi Jimeno zen “Tatxuelas”.

Horiek biak modelatze-lanak egin bitartean, José Antonio Romeo “Tximis” eta Blas kaballetez eta gorputzez arduratzen ziren. Kaballeteak Udaleko eskola-lantegian egin ziren, San Pedro auzoan.

Lehenbiziko eskultura, nola ez, Tartalorena izan zen, hasieratik auzoko txikientzat kuttun-kuttuna izan den pertsonaia.

Ondorengo lana izan zen buztinaz egindako iruditik lehenbiziko pertsonaiaren eskaiolazko moldea ateratzea, eta molde hau prestatzea gero poliester botatzeko.

Bigarren pertsonaia Basajaun izan zen. Basajaun egiteko gizon baten aurpegia hartu genuen oinarri gisa. Gero Sorgina egin genuen eta, azkenik, Mari. Mari besteak baino ederragoa izatea nahi genuen.

Erraldoien buruak bukaturik, kilikiak egiten hasi ginen. Ordurako Tatxuelasek menperatzen zuen lana, eta berak bi kiliki modelatu zituen.

Eskuak falta ziren, eta inaugurazio-egunerako ere ez genituen bukatu.

Buztinazko eskulturetatik eskaiolazko moldeak egin genituen. Ez genekien nola egin. Guk uste genuen hobe zela molde hauskaitz eta sendo bat egitea. Metro kubiko bateko kofratu bat egin genuen, hor burua sartu, eskaiolaz bete eta gero moldea ateratze aldera.

Eskaiolazko 9 zaku sartu behar izan genituen. Kofratuak ez zion eusten eta eskaiola ateratzen zen. Azkenik, molde hori tona bat pisatzen zuen eta hautsi genuen. Gu baino argiagoa zen batek –uste dut José Miguel San Juan “Pariente” izan zela– moldea egiteko modu zuzena azaldu zigun. Ondorengo moldeak zaku batekin egin genituen, kofratu gabe.

Moldeak prest zeuden. Orain poliester botatzea falta zen. Beldurrez ginen, ez genekien nola egin, baina saiatu behar genuen, zeren eskaiolazko moldearekin ez baikenuen ezertxo ere.

Denak eztabaidan ari ginela, José Gerardok, inori deus esan gabe, hasi zen beira-zuntza paratzen. Hori ikusita, konturatu ginen atzerabiderik ez zegoela: edo ongi ateratzen zen edo akabo konpartsa bat sortzeko asmoa.

Biharamunean oso kezkaturik agertu ginen. Eskaiola hausten hasi eta, bat-batean, begi bat ikusi genuen, begiratzen gintuena. Tartalo zen. Hori poza! Gainontzekoekin jarraitzen ahal genuen.

Eskola-lantegian kaballeteak eta gorputzak nola zeuden ikustera joan ginen, eta oso pozik etorri ginen ikusitakoarekin.

Jantziak falta ziren, eta jaien hasiera-egunerako oso denbora gutxi falta zen. Bere garaian egutegi bat pentsatu genuen lanak egiteko, baina ez genuen bete.

Jantziekin, nola ez, beste arazo berri bat: arropa gorputzaren zirrikituetatik sartzen zen. Zirrikitu horiek guztiak beira-zuntzarekin bete behar izan genuen.

Jaien bezperan jostunak jo ta ke aritu ziren lanean jantzi erraldoi horiek bukatze aldera.

Azkenean, 1984ko apirilaren 29an, goizeko 10:00etan, lau erraldoiak eta kilikiak Felix enparantzan zeuden, edonork ikusteko eran. Tartalo, Basajaun, Sorgiñe, Mari, Piripi, Cotilla, Profe eta Japi jaioak ziren.

Garai horretan Tartalok 69 kg. pisatzen zituen, Sorgiñek 62, Basajaunek 65 eta Marik 67. Kilikien kasuan, Japik 13 kg., Cotillak 12, Piripik 13 eta Profek 15. Ezin dugu ahaztu erraldoiak eskularruekin egon zirela inaugurazio-egunean, zeren eskuak bukatu gabe baitzeuden. Erraldoiak egiteko prozesu osoa diapositiba eta argazkietan geratu zen grabaturik.

Jende asko lagundu zuen konpartsa egiten, baina gehiago lan egin zutenak aipatuko ditugu.

Santa Nunila kalean, Xabi Ganuza eta Patxi Jimeno “Tatxuelas” egon ziren modelatze-lanetan. Eskaiolazko moldeak egiten ibili ziren Xabi Ganuza, “Tatxuelas”, San Juan “Pariente”, Txobal, Migueltxo, Tximis eta Blas.

Buruak, gorputzak eta kaballeteak akoplatzeko eta ileordeak, jantziak eta abar paratzeko konpartsako kide gehienak agertu ziren. Lan hauek guztiak Virgen del Camino institutuan egin genituen. Juan Luis Muruzabalek gorputzak margotu zituen; buruak Xabi Ganuzak eta Mintxo Ilundainek margotu zituzten; Blas arduratu zen poliesterrez; eta ileordeak “Tatxuelas”, Migueltxo eta Blasen artean paratu zituzten.

Jantziak Tere Aroz jostunaren tailerrean egin ziren, eta Marik, Mertxek, Isabelek eta Marisak hartu zuten parte.

Pasadizo aunitz gertatu ziren, baina bat besterik ez dugu kontatuko. Basajaunen ileordea paratu eta oso pozik gelditu ginen emaitzarekin, baina Marirena paratzeko tenorea heldu zenean ez zitzaigun gustatzen nola gelditzen zen. Bueltak eta bueltak eman eta hala ere ez ginen konforme. Azkenik, konturatu ginen alderantziz zegoela jarrita. Ez genuen aldatu, eta inork ez zen horretaz konturatu Marik ileorde hori eraman zuen urte guztietan.

BLAS SUBIZA (Konpartsako lehendakari eta Fundatzailea)