MUTHIKO ALAIAK DANTZA TALDEA AURTENGO OMENDUA KONPARTSA EGUNEAN
Aurten, Konpartsaren V. edizioa ospatu egin dugu eta urtero bezala, eguna bukatu aurretik ekitaldi berezia egin genuen, bertan Muthiko Alaiak Dantza Taldea omendu genuelarik. Orain dela 10 urte hasi ginen elkarlanean proiektu ezberdinak kaleratzen, haien artean, auzoko jaietako ikuskizun ezberdinak, “Akelarre Mitologikoa” ikuskizuna, “Jai Herrikoiak” ikuskizuna, bai eta “Jaialdia ikuskizuna” ere. Bidaiak ere elkarrekin egin izan ditugu, hala nola, Gironan antolatzen duten Les Preses dantza jaialdira adibidez.
Guzti honengatik eta proiektu asko elkarrekin aterako ditugulakoan, haiei egokitzen zitzaiela omenaldia erabaki genuen.
Bost urte pasa dira Konpartsaren Eguna ospatzen dugunetik eta urtero ekitaldi berezia antolatu izan dugu:
Lehenengo urtean, 4 semeorde izendatu genituen. Semeorde bat erraldoi bakoitzeko: Gure laguntxoa den Irungo Aitor Tartaloren semeordea izendatu genuen, Xabiku Sorgiñerena, Mirentxu Basajaunena eta azkenik, Igarki Marirena.
Bigarren urtean 5 pertsona omendu genituen, Konpartsarentzat oso bereziak izan direnak: Mintxo Ilundain (Konpartsaren margolaria), Julian Lizarraga (Erraldoi txikiak modelatu dituen laguna), Tere Aroz (Erraldoien lehenengo jantzien sortzaile), Maribel Belaskoain (Gaur egungo Konpartsaren jostuna) eta Cleofe Ros (Konpartsaren jantziak etb jaietarako prestatu izan dituen laguna).
Hirugarren urtean, Konpartsarentzat oso berezia den beste pertsona bat omendu genuen: Natxo Subiza (Konpartsaren mantenimenduan lagundu izan duen laguna eta gaiteroa izan dena ere).
Laugarren urtean, 1984ko Jai Batzordea eta gaur egungo Jai Batzorde maiteak omendu genituen egin izan duten eta egiten jarraitzen duten lanagatik.
Azkenik, aurten esan bezala, Muthiko Alaiak Dantza Taldeari egokitu zaio.