TXANTREAKO ERRALDOIEN KONPARTSAK WEBGUNE BERRIA ESTREINATZEN DU

TXANTREAKO ERRALDOIEN KONPARTSAK WEBGUNE BERRIA ESTREINATZEN DU

24|03|2016 ·

Bai, webgune berria estreinatzen dugu, betiko helbidean –www.txantreakokonpartsa.org–, baina ikusgarriagoa den itxura berriaz.

Hauxek dira konpartsaren webgune berriaren azpimarratu beharreko alderdiak:

– Aldez aurretik, webgune berriaren egilea aipatu nahi dugu. Lehengoa bezala, oraingo hau ere konpartsako laguna den Andonik egin du. Horretarako hiru ezaugarri nagusi izan ditu kontuan:

1. Familiei zuzendutakoa izatea, umeei bereziki, edozein adineko lagunak informazioa aurkituko badu ere. Umeentzako erakargarria suerta dadin, Joseba de Miguelek egindako marrazkiez baliatu gara, haurretzat webgunearen edukia xarmangarria izate aldera. Haurrentzako atal berezi bat ari gara lantzen ere, aurreraxeago martxan jarriko duguna, non jolasak, kontaketak, margotzekoak eta abar aurkituko baitituzte.

2. Dinamikoagoa izatea. Konpartsak kontuak egin ditu Facebook eta Twitter sare sozialetan eta sare sozial horietan partekatzen ahalko dira webguneko berriak. Webgunean sartzen den ikustari orok botoi bereziak kausituko ditu berrien ondoan, Facebook, Twitter edo G+ sare sozialetako tabloietan partekatzeko. Gainera, webgune berri hau mugikorretan ikusten ahalko da, ez lehengoa bezala, eta Whatsapp aplikazioaren botoia ere egonen da.

3. Komunikabide gisa erabili ahal izatea. Posta elektronikoa sartuta, harpidetzeko aukera egonen da, halako moduz non hilabete bakoitzean posta berezi bat iritsiko baitzaio harpidetutakoari hil horretako konpartsaren inguruko berri guztiekin eta hurrengo hileko emanaldien datekin.

– Hauetaz landa, bi atal berezietan ari gara lan egiten, gutxi barru martxan jarriko ditugunak. Alde batetik, ikuskizunen atala, non egindako ikuskizunen inguruko informazioa aurkitzen ahalko baita. Atal honetan, hain zuzen, kausituko dituzue balizko trailerrak eta sarreren salmenta. Bertzetik, Txantreako jaien atala, non konpartsak jaien zehar egiten dituen jarduera guztiei buruzko informazioa eskegiko baitugu.