TXANTREAKO KONPARTSA, UNA IDEA SIN GRANDES PRETENSIONES

TXANTREAKO KONPARTSA, ASMO HANDIRIK GABEKO GOGOETA BAT

31|07|2016 ·

1983ko abenduan, jaiak bukatuta eta heldu den urteari begira geundela, txikien batzordeari bururatu zitzaion peñako txikientzat eta baita auzoarentzat ere zeozer ezberdina egitea. Peñako lehendakariari ideia horren berri eman zioten eta oso ongi iruditu zitzaion honi, garai horietan txikientzako jarduera aunitz egiten baitziren peñan.

Zenbait bilera egin bagenuen ere, ideia lehenbiziko bietarako gorpuztuta zegoen dagoeneko. Proiektu batzuk aztertu ondoren, baten bati (uste dut Tatxuelas izan zela) bururatu zitzaion erraldoiak egitearena. Hirurak elkarri begira jarri eta barrez hasi ginen. Ezinezkoa iruditzen zitzaigun eta lehenbiziko momentuan ez genuen serio hartu. Baina une bat igaro ondoren, hirurak batera esan genuen: eta zergatik ez? Proiektu hori buruan bueltaka zebilkigula, peñatik atera ginen Patxi Jimeno “Tatxuelas”, peñako txikien arduradun José Antonio Romeo “Tximis” eta peñako lehendakari Blas Subiza, ondorengo bilerarako proiektua zehaztuagoa ekarriko genuelako konpromisoarekin.

Eta horrela izan zen. Hurrengo bileran ideia garbiak azaldu genituen: pertsonaiak ez ziren erregeak izanen eta peñan egiten ahal genituen, auzoko txikiekin kartoi-eskulanak egiten zituzten Zarata taldearen laguntzaz.

Pertsonaiak aukeratzea lan neketsua izan zen. Azkenik, euskal mitologiaren gaia sortu zen. Guk gai horretaz ezertxo ere jakin ez eta Joxe Miel Barandiaran jaunaren liburuan dokumentatu ginen. Gai horretaz guk baino askoz gehiago jakiten zuen beste lagun baten (José Peña) laguntzaz ere baliatu ginen. Azkenik, denen artean erabaki genuen pertsonaien izenak Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari izanen zirela.

Dena bideratuta zegoen. Gure zalantza bakarra zen pertsonaiak halako ikuskizun baterako egokiak ote ziren ala ez jakitea. Hori argitze aldera, erabaki genuen Julio Caro Baroja jaunaren etxera bisita bat egitea eta berari gure proiektuaren berri ematea. Oso adeitsu hartu gintuen Berako etxean eta ideia izugarri ongi iruditu zitzaion.

Dena primeran ari zen ateratzen, ahazten badugu Berako bidaian trafiko-isun bat jarri zigutela. Gidaria Patxi Leuza zen, eta ez genion pezeta bat ere ordaindu.

Arestiko bigarren bilera horretan kilikiez ere mintzatu ginen. Hasiera-hasieratik, oso garbi genuen kilikiak auzoko pertsonaiak izan behar zirela. Bueltaka ibili ginen zenbait izenekin, La Carmina, el Arajai…, baina azkenean Piripi, Cotilla, Japi eta Profe aukeratu genituen.

Honen guztiaren berri peñako zuzendaritza batzordeari eman genion, ongi iruditu zitzaien eta batzordearen kide batzuk ere gurekin lan egitera apuntatu ziren.

Dena erabakita zegoenean, jakin izan genuen Xabi Ganuzak Donibane auzoarentzako kilikiak egin zituela berriki, eta berarekin jarri ginen harremanetan. Ideia laket izan zitzaion, eta esan zigun lagunduko zigula. Hori bai, gomendio bat eman zigun: hobe zela erraldoiak poliesterrez egitea eta ez kartoiaz, gehiago irauten baitziren.

Udalarekin mintzatu ginen geroago, dirulaguntzaren bat jasotzeko aukera ote zegoen jakite aldera. Auzoko zinegotzi M.ª Asun Apezteguía andrearekin eta kultura zuzendari Carrillo jaunarekin bildu ginen. Ideia gustatu zitzaien biei eta ziurtzat ematen zuten dirulaguntzaren bat jasoko genuela. Eskaera formal bat egin behar genuela esan ziguten.

Erraldoiak kartoiaz ez egitea erabakita genuenez, Iruñeko konpartsako arduradun Francisco Apezteguía jaunarekin solastu ginen. Honi ongi iruditu zitzaion gure proiektua eta Iruñeko erraldoien neurriak hartzen utzi zigun batere arazorik gabe. Bi baldintza jarri zizkigun: gure erraldoiak erregeak ez izatea eta Iruñeko erraldoien antzik ez izatea.

Baina Francisco Apesteguíaren laguntza haratago joan zen: Iruñeko erraldoien planoak utzi izanaz gainera, esan zigun erraldoien euskarriak (kaballeteak) Iruñeko Udaleko okupazio-tailerrean egiten ahal zizkigutela, Errotxapean. Udaleko tailer honen irakaslearekin harremanetan jarri eta baietz esan ziguten, gainera pozik eginen zizkigutela, nekatuta baitzeuden beti lan berberak egiten eta horrela monotonia horretatik aterako baitziren.

Oihalek ez gintuzten gehiegi kezkatzen, oraindik denbora gelditzen baitzen. Hala ere, Tere Aroz andrearen kostura-tailerrekoekin mintzatu eta haiek eginen zizkigutela hitzeman ziguten.

Dena bideratuta zegoen. Lanari ekitea besterik ez zitzaigun falta. 1984ko urtarrilaren 9an hasi ziren TXANTREAKO KONPARTSAREN lanak.

Kaleetan zehar urte mordoa pasa eta gero, esan dezakegu burutapen itzela izan zela konpartsaren pertsonaiak euskal mitologiatik ateratzea. Kalera irten ginen lehenbiziko egun horietan inor gutxik ezagutzen zituen, baina gaur egun ez dago inor ezagutzen ez dituena.

BLAS SUBIZA (Konpartsako lehendakari eta fundatzailea)