Basajaun
Basajaun hitzak ederki adierazten digu pertsonaia honen berezitasuna: oihan edo basoetako bizilagun eta jauna.
Herriaren sinesmenean, baso barrenean edo leku garaietako leizetan bizi da.
Oso morroi handia eta indartsua omen da, gizaki itxurakoa. Gorputz osoa ilez beterik dauka, eta bere oinetako bat zirkularra da, txahal baten apatx bat bezalakoa. Bere adats luzeak aurpegia eta bularra estaltzen dizkiote, gerriraino helduz.
Artaldeen zaindari, otso ikaragarria edota ekaitzak datozela abisatzen die artzainei. Baso barnean bizi da eta bere bizimodua lurra lantzea da, batez ere. Otsoa ez da hurbilduko bera arditegi batean dagoen bitartean. Ardiek, zintzarriak astinduz, Basajaunen presentziaren berri ematen dute. Halakoetan artzainek lasai egin dezakete lo, otsoarenganako beldurrik gabe.
Basajaun aiurri gaiztoko izaki beldurgarri gisa irudikatua izan da, sekulako indarra eta bizkortasuna duena. Herri kondairetan lehenbiziko nekazari gisa agertzen da, gizakiek engainatu eta lehen gari aleak lapurtu zizkiotela; ala errementari edo errotari gisa, zeinari gizakiak zerrak, errota-ardatzak edo metalak soldatzeko modua lapurtu baitzizkion.