Mari

Mari

Mari emea da, gainerako jenioen buruzagia. Nahiz eta era ezberdinez deitua, Mari izan da, historian zehar, bere izenik ezagunena.

Gehienetan Andere hitza mendi edo haitzulo baten izenari eransten zaio, eta horietatik ospetsuena Anbotoko Anderea, Dama, izan da.

Normalki Andere on eta maitagarria da, oso dotore eta apain jantzita. Lau zaldik tiratutako gurdi batean zerua zeharkatzen zuen.

Bere etxea lur azpian dago, baina leize eta osinen bidez lurrazalarekin komunikatuta. Horrexegatik Mari leku horietan agertzen da gehienetan.

Bere etxean, lur azpiko zuloetan, altxor, urre eta harri bitxiak gorde omen ditu. Maiz bere etxeko sukaldean agertzen da, beheko suaren ondoan, adatsak apaintzen. Haitzulo aurrean ere ikusi izan dute, eguteran, ilea orrazten.

Zenbait kondairetan emakume gaizto bezala agertzen da, pertsonen faltak zigortuz eta haiengan barne-kezkak eraginez. Errudunei ondasunak ebastea da bere zigorretako bat, baina bere zigorrik arruntena txingorra bidaltzearena da. Ekaitz-hodeiak bidaltzen ditu eta berak edo jenio batek ibarrez ibar gidatzen ditu.