Sorgiñe

Sorgiñe

Gehienetan sorgina emakume bat da, emakume maltzurra, era askotako gaiztakerien ustezko autorea: uztak hondatzea, errotak eta zerratokiak izorratzea, eritasunak eta itomenak, haurrak misteriotsuki hiltzea, arrantza-ontziak urperatzea…

Gauean deabruak berak buru duten akelarretan bera bezalako beste izakiekin biltzen da. Bilkura hauetan deabrua aker baten itxurapean aurkezten da.

“Izena duen guztiak izana du”. Hona hemen duela mende bat lehenagoko bizilagunek sinisten zutena. Horrenbestez, pentsaera ezberdineko garai horietan sorginak egiazkoak ziren.

Sorginek zaintzen zuten haienganako sinesmena manten zezala, eta gogor gaztigatzen zituzten haien existentziari uko egiten zioten horiek, gazteak bahituz edo arrantzaleei itxaso zabalean sorgina izen bera ere ahoskatzen debekatuz. Badaezpada ere, ez dugu erranen sorginak existitzen ez direnik.

Modu magikoaz joaten ziren gaueko bileretara eta sorginkerietarako lekuetara.

Sorginkeria aitzakia ederra bilakatu zen gizarte atzeratu eta fanatizatuaren haserrealdiak, maltzurkeriaz, desbideratzeko. XVI-XVII. mendeetan sorginen aurka izandako errepresioan, Inkisizioaren ondorioz, antzinako mitoen azken aztarnak desagertu ziren Euskal Herrian. Akelarrea, sorginen jaia, izan da euskarak beste hizkuntzetara esportatu duen hitz xelebrea.